Geoparkeak errebalida azterketa gainditu eta Sareko kide izaten jarraituko du beste lau urtez

2014-09-08 Iruzkinik ez

Aho batez hartutako erabaki sendoa izan da. ‘Txartel berdea’ eskuratuta, Euskal Kostaldeko Geoparkeak beste lau urtez eutsiko dio geoparke izendapenari eta Europako zein Munduko Geoparkeen Sareko kide izaten jarrakituko du. Azterketaren emaitza ostegunean eman zen jakitera, irailaren 4an.

Leire Barriusok, Geoparkeko gerenteak, eta Asier Hilariok, Zuzendari Zientifikoak, Alemaniako Harz Geoparkean jaso zuten albiste bikaina. Bi kideak oso pozik agertu ziren Geoparkeen Munduko Sareko ebaluatzaileek burutu duten txostenaren berri izan zutenean, izan ere, erabateko argitasunarekin adierazten du Geoparke proiektuaren sendotasuna eta egonkortasuna, erakunde eta entitate publiko eta pribatuen inplikazioa eta babesa nabarmenduz.

Halaber, txostenak nazioarte mailako garrantzia duen ondare geologiko, natural eta kultural baliotsua goraipatzen du, eta bereziki ondare honen interpretaziorako, dibulgaziorako eta promoziorako egindako lana.

Azterketa gaindituta, Geoparkeak pausu garrantzitsua eman du aurrera datozen lau urtera begirako erronkei ekiteko.