Eraberritze eta Birgaitze Azoka egingo da Eibarren ostegun eta ostiralean

2014-11-25 Iruzkinik ez

Eibarko Udalak, Debegesarekin elkarlanean, I. Eraberritze eta Birgaitze Azoka egingo du datorren azaroaren 27an eta 28an Untzaga plazako karpan. Azoka arratsaldeko 17:00etatik 21:00etara egongo da zabalik bi egunetan.

Helburua da, batetik, etxebizitzak eraberritzeko eta birgaitzeko herrian dagoen eskaintza zabala herritarrei aurkeztea eta, bestetik, enpresa hauen sustapena eta jarduera bultzatzea, etxebizitza eta eraikinen birgaitzea hazkunderako aukera gisa aurkeztuz.

Eraikuntza sektoreko Eibarko 20 enpresek hartuko dute parte. Enpresa bakoitzak espazio bat izango du bere zerbitzu edota produktuak ezagutzera emateko.

Debegesak ere parte hartuko du Azokan

Birgaitze Azokak iraungo duen bi egunetan, Debegesak mahai informatibo bat izango du bertan, herritarrei Birgaitze Zerbitzuak eskaintzen dituen zerbitzuak ezagutarazi eta laguntza ekonomikoen berri emateko. 

Debegesako Birgaitze Zerbitzuak helburu bikoitza du, batetik, partikularrei zein bizilagunen komunitateei etxebizitza edo etxebizitza-eraikina birgaitzeko laguntza eskaintzea eta, bestetik, eraikuntzaren sektorean jarduera ekonomikoa sustatzea, eraikita dagoen etxebizitza-parkean oinarrituz, hau da, birgaitze eta hiri birsortze jarduerak bultzatuz.

Debegesak, halaber, lan horiek aurrera eramateko erakunde ezberdinek ematen dituzten laguntza ekonomikoen inguruko informazioa ematen die: Eusko Jaurlaritza (Etxebizitza saila), Energiaren Euskal Erakundea-EVE, udaletxeak, eta abar. Era berean, behar den kasuetan, birgaitze espedienteak tramitatzen dira.

Era berean, Debegesako Birgaitze Zerbitzuak birgaitze jasangarria bultzatzen du. Informazio eske datozen herritarrei, egitekoak diren birgaitze-lanen arabera, Birgaitze Jasangarrirako Fitxa praktikoak banatzen zaizkie, birgaitze-lan horiek jasangarriagoak izan daitezen oinarrizko neurriak jasotzen dituztenak. 8 fitxa desberdin daude: Fatxada birgaitzeko obrak, estalkia birgaitzeko obrak, kanpoko arotzeria ordezkatzeko obrak, igogailuaren instalazio obrak, instalazio elektrikorako obrak, berokuntza sistemaren instalazio obrak, sukalde edota bainugela birgaitzeko obrak eta etxebizitzaren berriztatze obrak. Fitxa hauek eskuragarri daude Debegesaren web gunean.