Ekintzailetza sustatzeko hitzaldi-tailerra egingo da urriaren 24an Soraluzen, Udalak eta Debegesak antolatuta

2014-10-15 Iruzkinik ez

Debegesa Garapen Agentziak eta Soraluzeko Udalak antolatuta, datorren urriaren 24an, ostirala, herritarren artean ekintzailetasuna sustatzeko motibazio hitzaldi-tailerra egingo da Soraluzen. Sarrera doakoa izango da.

Nigan sinesten dut. Deskubritu zure pasioa” izenburupean, motibazio saio hau Iker Fernandez Abentura Sortzaileak eskainiko du, 18:00etatik aurrera, zinean. Coach profesionala da Fernandez.

2 orduko esperientzia izango da, parte-hartzaileen talentua deskubritu eta sustatzera bideratuta. Tailer honek lortu nahi du partaideen artean gogoa, ilusioa eta indarra piztea, hurrengo pausoa eman ahal izateko. Herritarrek euren proiektuak garatzea, eta horretarako aurrea hartzea, du helburu saioak.

Herritarrei oro har dago zuzenduta, bereziki ekiteko nahia duten lagunei baina bultzadatxo bat behar dutenei, eta dagoeneko ekintzaile direnei, baina era bateko edo besteko zailtasunak dituztenei.

Parte hartzeko interesa dutenek aurrez izena eman behar dute Debegesaren bitartez,  943 82 01 10 telefonora deituz (Vanesa Hortas) edo ekintzaile@debegesa.com helbidera idatziz.

Ekimena Debabarrena Bultzatuz egitasmoaren baitan dago kokatua, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo Sailak finantzatua – ‘Gipuzkoa Ekintzailea’ eta Eskualde Garapenerako Europako Fondoak %50ean kofinantzatua (Europa egiteko modu bat).