‘Deskubritu zure pasioa’ hitzaldia eta umeentzako tailerrak, ostiralean Elgoibarren

2014-11-11 Iruzkinik ez

Debegesa Garapen Agentziak eta Udalak antolatuta, ostiral honetan hainbat ekimen egingo dira Elgoibarren. Batetik, herritarren artean ekintzailetza sustatzeko motibazio hitzaldi-tailerra izango da eta, bestetik, haurrentzako tailerrak egingo dira ‘Ametsen Jaia’ lelopean.

Deskubritu zure pasioa. Nola lortu nahi duzun bizitza” izenburupean, hitzaldia Inazio Bereziartua musika eskolan egingo da, Iker Fernandez Abentura Sortzailearen eskutik, 18:10etik 19:30ak bitarte. Gazteleraz izango da. Parte-hartzaileen talentua deskubritu eta sustatzera bideratuta dagoen esperientzia izango da. Tailer honek lortu nahi du partaideen artean gogoa, ilusioa eta indarra piztea, hurrengo pausoa eman ahal izateko. Herritarrek euren proiektuak garatzea, eta horretarako aurrea hartzea, du helburu saioak.

Herritarrei oro har dago zuzenduta, bereziki ekiteko nahia duten lagunei baina bultzadatxo bat behar dutenei, eta dagoeneko ekintzaile direnei, baina era bateko edo besteko zailtasunak dituztenei.

Ametsen Jaia, umeentzako tailerrak

Ordu berean, 18:00etatik 19:30era, 4 eta 11 urte bitarteko haurrentzat tailerrak egingo dira Leku Eder parkean, Manahmana eta Atxutxiamaika aisialdi taldearen eskutik. Etorkizuneko ametsetako bizimoduak edota ogibideak irudikatzeko helburuarekin, marrazki eta eskulan tailerrak egingo dira.

Hitzaldian zein Ametsen Jaia ekimenean parte hartzeko, aurrez izena eman behar da 943 82 01 10 telefonora deituz (Vanesa Hortas) edo ekintzaile@debegesa.com helbidera idatziz.

 

Ekimen hau Debabarrena Bultzatuz egitasmoaren baitan dago kokatua, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo Sailak finantzatua –‘Gipuzkoa Ekintzailea’- eta Eskualde Garapenerako Europako Fondoak %50ean kofinantzatua (Europa egiteko modu bat).