Alemaniako merkatuak eskaintzen dituen negozio aukerei buruzko jardunaldia ostiralean Debegesan

2014-07-03 Iruzkinik ez

Ostiralak Debegesan egitasmoaren barruan, Debegesak jardunaldia eskainiko du datorren uztailaren 11an “Aukerak eta erronkak Alemanian” izenburupean.

Alemania Europar Batasuneko lehendabiziko ekonomia da, merkatu berritzailea eta lehiakorra da oso, eta bertan bikaintasuna eta kalitatea dira nagusi. Herrialdearen potentzial esportatzailea ezaguna bada ere, Alemania Europako enpresa askok hornitzen duten merkatu handi bat da, horietako asko Euskal Autonomia Erkidegokoak.

2013an esportazioak Gipuzkoatik Alemaniara 810 milioi euro baino gehiagokoak izan ziren, esportazio osoaren % 12,5. Izan ere, Frantziaren ondoren, Alemania da gure bigarren merkatua.

Jardunaldi honetan gure eskualdeko enpresentzat Alemaniak eskaintzen dituen aukerak aurkeztuko dira, eta merkatu honetan interesa dutenek jakin beharreko klabeak ere emango dira ezagutzera. Gainera, 3 esperientzia ezagutzeko aukera izango dute parte-hartzaileek.

Jardunaldia Debegesak Eibarren duen egoitzan burutuko da, goizeko 09:00etatik 11:00era. Izen-ematea doakoa da.

Parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete on-line www.debegesa.com atarian, 943 82 01 10 telefonora deituz edota pymes@debegesa.com helbidera idatziz. 

Deialdi gehiago uztailean

Ostiralean Debegesan egingo den jardunaldiaz gainera, uztailean beste saio batzuk burutuko dira Gipuzkoako garapen agentzia desberdinetan. Ekimen hauek Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gipuzkoako Bazkundeak eta lurraldeko Garapen Agentziek lurraldeko enpresa txikien nazioartekotzea sustatzeko sinatu duten lankidetza hitzarmenaren baitan kokatzen dira.

Jardunaldi eta ikastaro guztien berri Ostiralak Debegesan atalean jasoko duzu.