Personal tools
Home » Ekintzaileak » Albisteak » “Ekintzailearen Eguna 2008” Debabarrenean
Document Actions

“Ekintzailearen Eguna 2008” Debabarrenean

Debegesak, Ekintzailearen Eguna 2008 dela eta, hainbat ekimen antolatu dira hurrengo asterako. Aurreko urteetako moduan, ekimen honen bitartez, Berrikuntza eta Enpresen Sailak eskualde mailan balore ekintzaileak sustatzea du helburu.

Datorren astelehenean martxan jarriko dira ekimenak eta aste osoan zehar luzatuko dira. 5 egun hauetan irratsaio bereziak egingo dira, bertan, eskualdeko hainbat ekintzailek euren esperientzia entzuleei hurbilduko diete.

Debegesako Berrikuntza eta Enpresa Sailak aste honetarako duen helburuetako bat Ekintzaileei Laguntzeko Zerbitzua herritarrengana hurbiltzea da.  Horretarako, herriz-herriko zerbitzu bat antolatu du, eskualdeko herri guztietara zerbitzua gerturatzeko asmoz. Egutegia honakoa izango da: astelehenean Soraluzeko udalean (12.30-14) eta Eibarko Pegoran (17-18.30), asteartean Mendaroko udalean (12.30-14) eta Elgoibarko Liburutegian (17-18.30). Asteazkenean zerbitzua Mutrikuko Birgaitzeko Bulegoan (17-18.30) eta Debako Liburutegian (19-20.30) eskainiko da eta ostegunean, berriz, Mallabiako Kultur Etxean (12.30-14). Ermuko eguna zehaztu gabe dago.

Gainera, aste honetan zehar Debegesan “Ateak Zabalik” ekimena ere aurrera eramango da eta ekintzaileei zuzendutako informazio-gela bat atonduko da. Bertan intereseko informazioa, tresnak, aholkularitza… eskura izango dute.

Lehiaketa eta errekonozimenduen atalean, edizio honetan bi berrikuntza izango dira. Debegesak Debabarrena Ekinean lelopean, ekintzaileei laguntzeko zerbitzuaren irudia izango den logotipo lehiaketa antolatu du. Aste hauetan 20 lan baino gehiago jaso dira eta datorren ostegunean ezagutuko da irabazlea. Bestetik, balore ekintzaileen errekonozimendua ere egingo da, sarituak Debegesako aholkularitza zerbitzutik pasa diren ekintzaileak izango direlarik. Lehenengo edizio honetan hurrengo baloreak azaldu dituzten ekintzaileak sarituko dira: tinkotasuna edo zailtasunak gainditzeko gaitasuna, iniziatiba plus eta talde izpiritua.

Ekimen hauen guztien amaiera ospakizuna maiatzaren 15ean egingo da, arratsaldeko 18.15etan, Portalean (Eibarren). Bertan ekitaldi berezi bat ospatuko da, berritzailea eta Debabarrena Ekinean sarearen topalekua izatea helburu duena. Bertan parte hartuko dute eskualdeko hainbat ekintzailek, banketxeak, elkarteak, zentro teknologikoak, hezkuntza zentroak… sare-topagune honetan euren esperientziak, proiektuak edota zailtasunak elkarbanatuko dituzte. Ekitaldi honetan ezagutuko da logotipoaren irabazlea eta bertan banatuko dira balore ekintzaileen errekonozimenduak ere.

Debegesak interesa duten herritar guztiei bertara hurbiltzeko gonbitea luzatzen die datorren ostegunean. Amaieran, luntxa eskainiko da.

Ekimen hauek guztiak Industria Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak diruz laguntzen dituzte.

 

 

 

 

Debegesa.com / Pol. Ind. Azitain 3 Bis / 20600 Eibar (Gipuzkoa) / Tfno.: +34 943 820 110 (Lanbide: 943820180) / FAX: +34 943 200 350

Ohar Legalak

Ohar Legalak