Herritarrak ibaira gerturatuz
Sasoia da Deba ibaia utzikeriaren eta ahanzturaren menera lekutu genuela. Duela hamarkada gutxi arte herriari estuki loturik izan zen ibaia erabat baztertutako isurbidetzat izan dugu azken hamarraldiotan. Baina bakoitzari merezi duen garrantzia eman behar zaio, eta ez zaigu inoiz horretarako berandutuko.
Sasoia da Deba ibaia utzikeriaren eta ahanzturaren menera lekutu genuela. Duela hamarkada gutxi arte herriari estuki loturik izan zen ibaia erabat baztertutako isurbidetzat izan dugu azken hamarraldiotan. Baina bakoitzari merezi duen garrantzia eman behar zaio, eta ez zaigu inoiz horretarako berandutuko.
Deba ibaiak garrantzi handia izan baitu gure eskualdeko historian; izena ere hemendik datorkio eskualdeari. “Uren Jainkosa” adiera omen du zeltiberieratik datorkigun Deba hitzak. Eta ateo-urteak atzera utzi eta ama-lurra errekonozitzeko ordua iritsi zaigu.

Horren aitzakira antolatu zuen Debegesak pasa den igandean “Deba Ibaia Ezagutzen” izenpean ibaia ezagutzeko egindako irteera. 80 lagun inguru batu ziren, bi taldetan, goizeko 8ak alderako. Bi autobuskada abiatu ziren hiru zatitan banatutako ibilbidea egitera, bakoitzean gidari banarekin eta Debegesako ordezkariekin.
Eguraldi ederra suertatu zitzaien: ibaiaz gozatzeko aproposa, eta zahar nahiz gazteak han abiatu ziren jakin-minaren meandroetarantz. Antolatzaileen intentzioa ibaiaren puntu osasuntsuak horren osasuntsuak ez daudenekin alderatzea zen; horren harira antolatu zuten ibilaldia hiru zatitan. Hala, lehenik eta behin, Leintz Gatzagaraino jo zuen espedizioak, ibaiaren iturburura: hango ezaugarriak aztertzera (laginak hartu, bioindikatzaileak konprobatu…).
Handik, autobusa hartu eta Kilimoi errekara jo zuten, ingurune karstikoa baita hura, eta zona honetan urak lur azpitik igarotzen dira zati batzuetan. Berezitasun gisa, ur-surgentziak ikusi ahal izan zituzten: lur azpitik gorantz datozen urak, hain zuzen ere. Bestalde, landare anitz daude han eta haiek aztertzen ere aritu ziren ibiltariak.
Horren ostean, Debako paduretara jo zuten eta nahi baino presakago, ordularia eztenka, ur-laginak hartu zituzten eta iturburukoekin alderatu, diferentziak ikusteko. Zona hori nahiko trakestua egon da azken aldian, baina errekuperatzen ari dena egiaztatu zuten.
Hainbeste lagin, surgentzia eta antzekoen ostean, sabeleri ere mokadu-laginak eta freskagarri-surgentziak eskaintzeko ordua ere iritsi zen. Hala, Deban igaro zuten bazkalordua, bakoitza bere eran, arratsalderako indarrak hartze aldera.
Hala, egunaren azken etapari ekin zioten ibai-zaleek, eta itsasora jo zuten: Deba eta Zumaia arteko kostaren bila joan ziren txalupa bidez. Hemen, kostaldearen harribitxiaz gozatzeaz gain, marakek majo girotu omen zuen Johny Maracas-a, eta kantuan eta dantzan aritu omen ziren, olatuen erritmora.
Halaxe joan zen, beraz, eguna: Deba ibaiaren ezaugarriez eta egoeraz jabetzeko aitzakian, lagunarte eta giro politean igarotako eguna. Izan dadila berriz ere Deba ibaia herritarrak bertara hurbiltzeko motibo.

Salida interesante
Zorionak por la iniciativa.